XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

FERMIN MUGURUZA KANTARIA

Mundualizazioak bultzatzen nau internazionalista izatera

IRUNGO Ospitale zaharrean jaio zen orain 36 urte.

Handik berrehun metrora bizi da egun bere bikote-lagunarekin, Jonerekin, eta Unai eta Irune seme-alabekin.

Fermin Muguruza Brigadistak Sound System izena darama bere azken lanak.

Musika egiteaz batera, Esan Ozenki eta Gora Herriak zigiluek osoro betetzen dute bere denbora.

Jende askoren inguruan mugitzen da eta independentzia da bere jomuga nagusia.

Harengana iristea zaila omen dela aipatu diogunean, nire etxetik Esan Ozenki diskoetxera dauden 200 metroak oinez egin ohi ditut erantzun digu Muguruzak.

-Azken lan honen grabaketa prozesua konplikatu samarra izan dela adierazi duzu. Mundua edo musika mundua konplikatua delako, ala zuk zeuk aukeratu duzun bidea konplikatuegia delako?

-Hori horrela galdetzea polita da. Nolanahi ere, grabazioa konplikatu samarra izate hori ez dut nik bilatu, berez konplikatu izan da.

Batez ere, herrialde bakoitzean grabatzeko sistema bat erabiltzen delako, eta horiek guztiak hemen egokitu behar izan ditut.

Hala ere, diskoaren lana handia izanda ere, jendearen prestutasuna eta ilusioak aurrera jarraitzen lagundu gaitu. Oso esperientzia aberasgarria izan da.

-Diskoa hainbat herrialdetan, hainbat lagun artean, eta musikari ezberdinekin grabatu izanak berezitasun puntu bat eman dio. Nazioartekotasunaren zigilua darama nolabait. Internazionalismoaren bidea da zurea. Zergatik?

-Mundualizazioak bultzatzen nau internazionalista izatera. Mundualizazioak kezkatzen nau, kultur eremu zehatz bat, eremu ekonomiko bakar bat, eta finean eremu eta pentsamendu bakarreko joera islatzen baitu mundualizazioak.

Ni justu aniztasunaren aldekoa naiz eta horren inguruan euskaraz bizi nahi dut.

Nire aukera hori izanda ere, kanpoan diren hainbat egoera neure egiten ditut. Los Angelesen gazteleraren defendatzailea naiz esaterako. Orobat, hizkuntzaz bestera kultur estandarizatu azkar bat dator, eta horren aurka internazionalismoaren ildoan ari naiz.

-Zure musika erritmo askok definitua da, reggaearen gertu. Musikari askotxorekin eginiko ekoizpenak burutua zara, areago kasu honetan.

-Nik beti lotu izan dut disko baten ekoizpena zuzenekoarekin, eta lehen aldia da alderantzizko prozesua egiten dudala.

Zeregin askotxo dudanez, zaila zait talde finko bat izatea. Kantu hauek zirriborratuak nituen, eta batzuk baita Dut-ekin eginiko biran joak ere.

Zuzenean jotako musikak zirenez, disko batean sartzeko aukera bilatu nuen.

Egin ahala espiritu internazionalista eta irekiaren ideia gauzatuz joan zen.

Orain, berriz, hori zuzenean emateko taldea prestatu dugu.

Haizea jotzen dutenak Erromakoak dira, teklista eta baxularia Parisen bizi diren afrikarrak izaki. Lau euskaldun eta beste lau kanpotarrek osaturiko taldea da Fermin Muguruza DUB Manifest izenekoa.

-Diskoa zuzenean jotzeak lan dezente eskatuko dizu, ezta?

-Brigadistak Sound System izen bereko disko horretan ehundik gorako lagunek parte hartu dute, eta orain zortzi musikari baino ez gara izango taula gainean.

Banda honekin birrasmatuko dugu kantu bakoitza. Ez da diskoan entzuten den bezala izango, baizik bandak ulertua duen bezala. Hurbil izango da hala ere, eta banda baten indarra ageriko da, nik uste.

-Musikariaz gain mezu baten eramalea ere bazara. Zure hitzak iristen al dira zure jarraitzaileengana? Ala zure karisma dela medio, aldez aurretik daude helaraziak?

-Nik baiezko inpresioa dut. Nire kasuan, musika munduan ziurtatusun bat lortua naizenez, errazagoa dela dirudi. Badakit badagoela beti jende erne bat, nik gauzaren bat ateratzen dudanean jarraituko nauena.

-Esan Ozenki disketxeak bere 150. ekoizpena kaleratu berri du. Autogestioa eta independentzia aldarrikatu ohi dituzu zure lanean. Aitzindaria sentitzen zara?

-Beno, zentzu batean bai. Bederatzi urte bete ditu Esan Ozenki proiektuak, eta 150 erreferentzia kaleratzea izugarrizko lana da.

Euskal Herrian belaunaldi espontaneorik ez dagoela aitortu nahi dut hala ere. Gurea Kortatu-rekin hasitako esperientzia da.

Eta aurretik izaniko beste esperientziaren ondokoa. Gurea Ez dok amairu eta antzinako beste esperientzien jarraipena da.

Guk esparru propio bat ireki genuen beharbada borrokaren inguruan egoerak eskatzen zuen esparru bat.

Inguru horrek mamitzen duen musika ekoizteko gertu gara.

Ez gara bakarrak, gure inguruan disketxe asko sortu dira, eta beste lekuetan ez bezala, haiekin harreman onak ditugu, ez lehia itsusia.

Disketxen artean nolabaiteko elkar ulertze bat badago eta oso aberasarria da hori.

-Independentzia eta autogestioa dira zure ardatzetako bi. Sandinista, brigadista, une batez marxista-leninista. Gaur egun?

-Unean uneko egoerek bere eragina izaten dute.

Nolanahi ere, ni ortodoxiaren kontra agertu izan naiz. Ortodoxia musikalaren eta baita politikoaren kontra ere.

Bai musikan bai politikan jendea purista badago, eta puristek musika estilo bat beste batekin nahastea gaizki ikusten dute

Bestalde, asuntoa da garai batean esan nuela marxismo-leninismoa jarraitu behar zela sandinismoak bere nagusitsuna galdu zuenean, beti ere kontestu batean eta umorezko zentzuarekin.